… urtetan izan zaitudala upeltegian, bare-bare.
ta orain dezun heldutasunak ezinbestean nauela erakartzen.
zure kristalezko begiradak kitzikatzen nauela
eta zure ezpain gorriek goxatzen.
zure zaporeak adikzio bortitza daragidala
eta nekez ipintzen diedala kontrolik ardo eta larroxen gauei.
pixkanaka dastatu gura zaitudala,
baina zure xarma azkar ari zaidala igotzen.
ta gauez soilik idatziko nuke…
… ez zaidala axola zurekin banago mozkortzen.
Latest Entries »
“gau osoa daramat
zure ahoan korritzea desiratuz”
xuxurlatu didazu zure ingles bortitz, ilun eta beroaz.
zure arnasa lepoan somatuz agortu zait nerea.
ego puztua laztantzen dizute denek
eta zuk denei dantzatzen diezu
antro bortitz, ilun eta bero hontan.
vodka eta coca cola zaporeko ezpainak
mamurtu eta eutsi dizkizut kontrolaren grinaz
beroturik-hipnotizaturik.
eta jasanezina zait zure ahoa
ezpain arrotzetan iltzatuz
bilatzea nere begirada.
hitz bero eta karta onenak kontrolpean,
ez duzu somatu nik ere badudala
as ezkutua maukapean.
joder.
nola kontatu… ez zenuke ulertuko, nik ere ez dut ulertzen. bera sukaldera joan zen, kafea prestatzera, eta ni logelako argazkiei begira gelditu nintzen. argazkiak, leihoan utzitako hautsontzia, aulkian pilatutako soinekoak, egunkaria eta erosketen zerrenda. eta halako batean, lelokeria hori sentitu nuen: maite nuela.
- Ellos, todos, dicen que estoy loco.
- No, claro que no estás loco, pero ¿qué pasaría si te dijera que estas soñando?
- No, no, no.
- ¿Y por qué no?
- Mire, yo sé lo que es real y ésto es real.
- ¿Y tú cómo lo sabes? Los sueños no se descubren hasta que uno despierta.
- Lo sé y basta. Mis sueños son mucho más simples que todo esto.
- No, no hay ningún sueño simple. Mira a toda esta gente, parece que estan hablando de sus cosas ¿a que sí?, completamente ajenos a tí, y sin embargo, podrían estar ahí porque tú lo has querido, es mas podrías hacer que se pusieran a tu servicio o, al contrario, que te destruyeran.
- Lo que quiero es que se callen y usted también.
(denak ixiltzen dira)
- ¿Lo ves?
- ¿Qué esta pasando aquí? Que alguien me diga la verdad ¡joder!
- La verdad puede que no la soportaras.

Edinburgoko Fringe jaialdian hamar egunez murgildu ostean, arnas hartu eta hiriaren fotograma batzuk erakutsiko dizkizuet.
Hamabi hilabetean hamabi jaialdi ospatzen dituzte Edinburgon. 770.000 biztanle baino ez dituen hiria izanik, ekimen ia denak udan ematen dira, ezinbestez. Hilabete gutxian zineak, blues eta jazzak, arte garaikideak zein literaturak limurtzen dituzte hiriburu eskoziarreko bisitariak.
The Edinburgh Festival Fringe da ordea berezkotasun apartekoa duena. Hiriko lehen Nazioarteko Jaialdian zortzi antzerki konpainiari zentsura ezarri eta bazterturik utzi zituzten, “on the fringe”. Hala eta guztiz ere, beren antzezlanak hiriburuan eskaintzeari ekin zioten artistek. Urtez urte, mugimendu alternatiboa areagotu egin zen eta 1958an kultur elkartea osatu zuten. Geroztik, The Fringe erabat indartu da eta munduko jaialdi artistiko oparoena bilakatu.
Kontuak kontu, “fringe” kutsu horrek ba al dirau jaialdian?
Kaletik noala, eskuak besterik ez zaizkit gurutzatzen. Iragarkiak dira denak, telebistako spoten antzera, bata bestearen atzetik, denek beren musikatxoa eta lelo leloa daramatela. Halako batean, 288 orriko iragarkia heldu zait esku artera, Fringeko egitaraua da. Haurrentzako ikuskizunak, erakusketak, musika, opera, dantza , komedia eta azkenik, antzerkia. Uholdean murgildurik, nola jakin zer den alternatibo eta zer ez?
The fringe jaialdi irekia da, elkarteak ez du ikuskizunik ekoiztu ezta aretorik zuzentzen. Ez dute artistarik gonbidatzen, gura duenari Edinburgon aritzen laguntzen diote soilik. Hortaz, konpainia entzutetsuak zein amateurrak topa daitezke, arte komertziala eta kultukoa.
Bi mila ikuskizunez gozatzeko astirik ez baduzu, hautaketatxo bat egin behar. Tarteka instintu hutsez, tarteka ”award-winner” aurrizkia dutenei men eginez. Hala gertatu zait 2007an jaialdiko lau sari erdietsi eta ikuskizun berria aurkeztera datorren Precarious konpainia inglesarekin. Beren antzerki fisikoa Pleasance kaleko elizan dago ikusgai, egun The Zoo ezizena duen aretoan.
Sentibera, bortitza eta hipnotizatzailea da Anomie. Dantza, bakarrizketak, musika eta multimediak ikutu surrealistaz egiten dute bat antzezlanean, eraikin bereko apartamentuetan bizi diren sei pertsonaren isolazioa erakutsiz. Pertsonaiek alienaturik bizirauten dute, beren frustrazioak zezelka kontatuz, lortu ezin duten zerbaiten bila. Nor bere burbuilan dabil, eta beren bizitzak noizbehinka elkarrengana hurbiltzen diren arren, ez dira inoiz gurutzatzen. Punta -puntako teknologia eta giro hiritarrean murgildurik margotzen digute modernitatearen erretratua. Ideia bera inon erakutsi didatela sentitu dut, bai, ez ordea sentikortasun apart honez probokatuz.


tarteka
noizbehinka
une batez
orgasmo bizi eta
sakonena legez
ispiluan arrotz,
aho bete hortz
dakusat nere burua.
muxuak:
jaso-eman
ala lapurtutakoak,
nere kontu.
garagardo mikaztuak
amets mingostu eta
goiz ozpinduak,
goxatuz.
zure ahoari kea ostuz.
kale uzkurtuenak ere
ausart hartuz.
koadroa kolorez
zipristinduz-blaituz
neureak ditut
zertzeladak…
eta aske naiz.
beldurra eragiten diguna behin eta berriz errepikatu
eta beste era batez ikus dezakegula diote.
nik gauero idazten dizut.
Inoiz kontatu zidaten Jamie Cullum showman hutsa zela. Kontzertuen grabaketetan pianoa zutik, dantzan jotzen zuela ikusi nuen inoiz, baina ezin imaginatu pianoaren gainean zutituko zenik.
Jamie Cullumek jazz zale klasikoak ez ezik, gazteak eta kuriosoak ere erakarri ditu Trinitate Plazara, eta Mélissa Laveaux kanadiarraren afrosoul goxoak ere ez ditu entzuleak baretu, eszenatokira irten denean, pianoari eman lehen zartadek pitzadura ireki dute plazan.
Denok ikus genezakeen kontrabaxu ikusezina jo du, punta-puntako beat boxing-a praktikan. Cullumek, musikari ez ezik showman izaki, antzezlan apartekoa zuen prest. Clint Eastwoodek azken film Gran Torinorako soinu banda sor zezan eskatu zioneko interpretazioa ere eskaini digu taula gainean, eta zertxobait gain antzeztu duen arren, “Harry el sucio” bera ikustarazi digu.
Teklatuarekin dantzatzen zuten inglesaren atzek, ene taupadekin bere ahotsak. Solo amaiezinak ezin iragarri, entzulea beroturik zuen uneoro. Musikarien zuzendari zen, orain kontrabaxua, orain saxoa eta entzuleoi ere koroa eginarazi digu, keinua egin eta Trinitate Plaza dardarka genuen.
Billie Holiday, Cole Porter edo Jimmi Hendrixen abestien bertsioak interpretatuz egin zen ezagun Cullum. Twentysomething garaiaren amaierara iristear, bereak dira eskainitako abesti ia denak eta heldutasun fina aitortu diote kritikariek. Pointless Nostalgic, Twentysomething eta Catching Tales lanen ostean, urrian kenduko diogu lazoa azken opariari.

ezpainetako gorriaz idatzi nizun, sexu kontuez aritu
eta zugana berotu batez helduko nintzelakoan.
nere burua biluztu eta gezur dotoreak-sofistikatuak
kontatu nizkizun, interesante itxurak eginez.
irudimenaren indarraz hitz egin nizun,
baina hilabetez azterketek burua itxi eta iltzatu ostean,
arrazionaltasun klasikoz aztertu nizun
dimentsiobakartasun modernoa.
ene buruari ere kontatzen ez dizkidanak badirela dakizu,
zu eta biok xaboizko burbuila ezberdinetan bizi garela.
baina dagoeneko zure amuak harrapa nazan desio dut,
mozorroa eta maskarak kendu ditzazkegulakoan,
edo ezpainetakoz jositako maindireetan utzi genituelakoan.
Kontuak kontu, gure elkargunean nere burua aurkeztu gura dizut,
inoiz kapuscinskik kontatu zigun bezala
“En todo lo que hago intento hablar con mi propia voz,
una voz personal, amortiguada.
No sé gritar”.
akiturik-irrifartsu-lur jota lokartu eta esnatu zara.
ametsen absurdoa eta gaueko oroitzapenak bereiztu ezinik,
maindire gaziez bildu duzu artazika zebilen burua.
iluntzean dantzatu eta egunsentian dastatutakoen – gatibu zara.
zigarro usain bortitza eta tenore ahotsa arrotzak zaizkizu
eta oroitzapenek ere ezustean hartu zaituzte – baina ez zara damu.
begietatik ihes egin zizun margo beltzak eta
bianco edo rosso baino ezin duzu oroitu gaua.
begiradak ziurtasunez gurutzatu zenituen – ausart.
billie jean abestu eta zentzua hartu zuen denak,
baina buruko iltzeak goxatzen dituzten irudi denek dute
surrealismo kutsua maindire artean,
eta akiturik-irrifartsu-lur jota sentitzen zara,
gaueko amuak harrapatu zaitu – biharamunean.
